The Daily Puppy

lunes, 1 de mayo de 2017

Iturrarango erlatokian



 Resultado de imagen de fotos de abejas reina

Iturrarango erlatokian

Primer premio de narración “Itinerarios Monumentales por Euskal Herria”, Departamento de Cultura del Gobierno Vasco, 2000.

— Ez zaitez urrundu! Ordu eta erdi barru autobusa etorriko jaku eta!
— Lasaitu zaiteze eta jarraitu, gero harrapatuko zaituet! Hemendik basa-mailuki piloa aurkitu dot eta eldu-elduak, mmm… bai gozoak!
— Dzzz… dzzz… dzzz…
— Ene ama! Liztor bat dabil hemendik!
— Liztor bat, liztor bat…! Itsu zagoz ala?
— Nor da? Non zagoz? Zergaitik ez zaitut ikusten?
— Zabaldu begiak, kokolo horrek! Zure aurrean nago, basa-mailuki honen gainean! Ez ahoratu mesedez! Iruntsi gura nozu?
— Ene ama, erle bat! Erle bat hitzegiten!
— Bai, eta zure moduan gainera, bizkaieraz, ala ez zara konturatu?
— Egia da! Harrituta nago! gipuzkoarra izan eta bizkaieraz egin!
— Horren zergaitia eta zergaitik behar zaitudan luze-luzea izan arren, labur kontatzen ahaleginduko naz, autobusa galdu ez daizun.
— Autobusa hartu behar dodala ere badakizu?
— Hori eta nondik zatozen ere bai. Hegan egiten dogunok berriak arin harrapatzeko aukera daukagu, eta orain, ixiltzen bazara, kontatuko dizut.
— E!! Aditz hori ez da Bizkaikoa!
— Bai, egia da, baina egunero entzunez gero, gauza normala da. Horrez

gainera, inguru honeetatik Gipuzkoako euskerarik garbiena erabiltzen da. Zuk ere Iturraran baserrikoa oso ondo ulertu dozu, ezta? Danak, ostera, ez dabe ulertzen.
— Bai, bai, ulertzen deutsut. Bizkaian be ez dabe danak bizkaiera ulertzen, ia toki guztietan batua irakasten da eta. Egoera honi esker, bai Gipuzkoako, bai Bizkaiko hizkera bizia zoritxarrez hil egingo jaku.
— Hau nekea! Euskal Herriko aberastasuna galtzea ere… Baina batuaren errua dala uste dozu? Euskaldun ardurabakoen errua ere ez da izango?
— Ez da nire kasua. Nik bizkaiera ikasi gura neban eta, oso ondo ikasi ezkero, besteak ezagutzeko eta ulertzeko arazo haundirik ez dago.
— Badakit, badakit… Zergaitik uste dozu zurekin bizkaiera erabilteko ahaleginak egiten dodazala?
— Barkatu, erletxo, eta jarraitu eizu kontatzen.
— Erletxo, erletxo…! Ni ez naz erle arrunta, erlama baino!
— Erlama! Hori erregina izatea da, ezta? Erleen munduari buruz ez dot asko ulertzen eta.
— Ikusten da, ikusten da… Niri "liztorra" esan!! Horregaitik bakarrik ziztada ederra merezi dozu!
— Ez haserretu, mesedez. Adi eta zur eukiko nozu zutaz dana entzuteko.
— Entzun ba… Ni Gipuzkoan jaio, hazi, hezi eta bizi izan arren, nire eren-amaren jatorria Bizkaikoa zan, Enkarterriko mehatzaldekoa, zehatz esanda.
— Ene, Jainkoa, ni bezelakoa! Nongoa? Zein herritakoa?
— Ssss… Ixiltzeko, kontxo, berritxu hori!
— Haserrekorra zara gero! Tira, jarraitu, jarraitu…
— Nire eren-amama, jakina, erlama zan, baina ez eizu uste erlama izatea erreginaren moduko bizitza danik, ezta hurrik emon bere! Egia da lorerik lore

ibili beharrik ez dogula, hori erle-langileek egiten dabe, baita erlategiak egin, zaindu eta garbitu ere. Eurak erlekumeen zaindariak ere badira eta lore hautsez egindako eztiaz elikatzen dabez, baina asko eta asko dira. Erlama, ostera, erlauntza bakoitzean bakarra da, eta bere eginbeharra, udero, erla-txorta berri bat sortzea da; erla-txorta bakoitzean mila erla-zulo edo gehiago betetzen dauz. Erlemandoa ere bat bakarrik da, eta haren lana erlamaren ernalketa da; ezkon egaldi bakoitzean ernaldu edo ugaldu egin behar dau. Eginkizuna zein bizitza, biak dira laburrak. Uda amaitu eta gero, hil egiten dira, eta hiltzen ez diranak erle-langileek kanporatu edo hil egiten dabez.
— Hori da gogorkeria! Eta alkar maite dabenean?
— Orain, orain… itxi eidazu kontatzen ba!! Horixe izan zan nire eren-amaren kasua. Mehatzaldeko erlategi baten bizi zan zoriontsu bere erlemandoagaz. Uda haretan lehenengoz izan zan ugalkor eta, bere erlamandoa ezagutu orduko, alkar maitemindu ziran. Uda osoan 150.000 erla-zulo bete ebazan, baina nahiz eta lan gogorra izan, nire eren-amama zoriontsua zan.
Zoriontasuna betirako ez zana ondo ekien. Maitalearen amaiera udagoienaz batera etorriko zan. Bildurrez beterik, baina itxaropentsu, erleen Maitagarriarengana joan ziran, denbora gehiago eskatzera. Alperrik. Honek lege zaharrak itzalgarriak zirala esan eutsen, betetzen ez ebezanak betirako galduak zirala eta bien ametsa gogotik kentzeko. Nekez beterik, handik alde egin eben hegaz. Zer egin behar eben? Lege zahar bidegabeko haren aurka egozan biak, eta berehala Mehatzaldetik iges egitea erabaki eben. Hegaka ebilela, mehatzulo batetik burdin-harriz beteta egoan gurdiska bat urtetzen ikusi eben. Besterik gabe, eta arnas bakarrean, harri zulodun baten barruan sartu eta, alkar besarkaturik, lo zorroan sartu ziran.
— Hotzikara baten nago entzuten! Hori bai kontakizuna! Jarraitu, mesedez!
— Bai, ez det haria galdu nahi. Esnatu ziranean kulunkatzen joiazala konturatu ziran. Ez ekien zer demontre zan ha eta gorantz begiratzeko buruak ateratzean zeru urdina eta inguruan itsasoko olatuen joan-etorria ikusi eben.

"Zer da hau? Non gagoz?" galdetu eban nire eren-amamak harrituta, eta erlemandoak lasaitzeko esan eutson, dana azalduko eutsola. Hegaka alde egin eban eta, aitearena egin orduko, barriakaz itzuli zan. Gurdiska Muskizko zama-kaiaraino heldu eta han zama-ontzian hustu egin eben, eta, marinel batzuei entzunda, orain ontzi haretan joiazan Zarautzeko kaiarantz, handik Pagoeta mendian egoan Agorregiko burni-olarako bidean.
Nire eren-amama bere Bizkaia maitea itxiteak asko goibeldu eban eta arbasoen lurraldera itzultzeko zin egin eban, bera edo bere ondorengoren bat.
— Horregaitik etorri zatxataz…! Parkatu, jarraitu eizu…
— Bai, hizpidean zagoz, eta ahalik eta lasterren amaituko dot, Bizkaiko Mehatzalderako autobusa galdu ez daizun.
Zamaontziak ez eban Zarautzen legorreratu, Orion baino, eta Oriotik Agorregirainoko bidetik, janari bila egin eben hegaldi baten, toki zoragarria begiztatu eben. Toki ha Iturraran ingurua zan, leku liluragarria benetan.
Poz-pozik bizi ziran han hurrengo uda itxaroten, baina uda etortzeko egoanean, egun batean, ustekabean, erleen maitagarria agertu jaken. Zori galdukoak zirela esan zien haserrez, lege zaharrak hautsi ebezala, baina alperrik, ez ebelako berriro Bizkaia ikusiko, eta euren ondorengorik bueltatu gura baeban, lehenengo baldintza bat bete beharko ebala: bizkaieraz ikasi, bestela ez ebala Gipuzkoatik urtengo. Horregaitik belaunaldi guztietako erlama batek bizkaiera jakin behar dau, eta hemen nago ni, gure jatorrizko lurraldera joateko prest.
— Ez dot gauza bat ulertzen. Zergaitik ez da zure asabaren bat lehenago joan? Hegoak badaukazuez eta.
— Egia da gutaz ezer ez dozula ulertzen, motel! Erleok ezin dogu hainbeste kilometro egin. Txoriak garala pentsatu dozu ala?
— Nahiko da! Hain kokoloa be ez naz! Eta zelan etorriko zara? Sarrastatu

egin nau zure kondaira eta prest nago zu nigaz eroateko, baina ez dot zorrorik ekarri.
— Ez estutu, andrea, zure buruan ule artean joango naz eroso.
— Ba… baina… ziztadarik ez deustazu emongo, ezta?
— Lasai, lasai… merezi izan arren, adiskideen artean ez da horrelakorik egiten.
— Egia da, gu betirako laguntxoak izango garala uste dot.
— Bai, baina gauza garrantzitsu bat esan behar deutsut. Baso miresgarri honetatik urtetzean ez deustazu tutik ere ulertuko.
— Zer dinozu? Hain pozik nengoan ni besteei kontatzeko prest…!
— Asko sentitzen dot, baina kontatzen badeutsezu zorotzat hartuko zaitue. Zer? Eroan behar nozu ala ez?
— Bai, bai, atseginez. Hala ere, nire ule artean egokitzen zaran bitartean bost minututxo jesarriko naz, zuri entzuten kokorikaturik egotearren hankak txingurritu jataz eta…
— Ondo dago, andrea! Danok erlauntzatik eta lorategitik zure bila, eta zu hemen, autobusean lo egiten! Kopetan azala daukazu gero!!
— Zer? Non nago? Non dago nire laguna?
— Zure laguna? Eta… nor demontre naz ni baina…? Aaaaa! Aaaaa! Kontuz! Zure burutik erle bat ikusi dot!!