Osaneren amamaren amamaren amama
(Euskal mitologiaz goiarnasturik)
euskerazaleak alkarteak saritua 1992.urtean 4º saria
-
Ene laztana! Zergaitik egiten dozu negar?
-
Ez dot sinistu gura, amama, ez dot sinistu gura…
-
Baina… zer da sinistu gura ez dozuna, Osane?
-
Zuk azaldu deustazun ipuin zaharra, amama.
-
Baina ume, hori baino ez da izan, ipuin zaharra.
-
Bai, baina zuk esan deustasun legez, Laminak ez dira barriro agertu, nik ez
dodaz inoiz ezagutu eta ezagutu gura dodaz. Zergaitik hil behar ebezan?
Zergaitik amama?
-
Laztana horren errua ez dozu inorengan bota egin behar, esnezalekeria
bategaitik
jazo zan eta horretan edozein gizaki jausi daiteke.
-
Baina amama, Laminak benetako gizakiak ziran?
-
Benetako gizakirik ziran ala ez, inork ez daki. Gerritik gora, emakume ederrak
zirala bai, ondo dakigu, eta oso esnezaleak ere bai. Gerritik behera, ostera, ez ziran danak
bardinak. Batzuk ahate-oinak, beste
batzuk ahuntz-oinak eta baegozan bere arrain buztanekoak, urruneko itsasoetatik
etorriak.
-
Ene amama! orduan, San Juan eguneko hartan hil egin ebezan Laminak, ez ziran
guztiak, ezta? Ahuntz-oinekoak han ez
egozan, ezta amamatxo? Horrela da?
-
Hala dirudi, laztana, baina danak aienatu zirala ei da.
-
Ezina da amama, ziur nago ezetz, jazoera harek ahate-oin itxurazkoei buruz
bakarrik berba egiten dau.
-
Bai maitea, horrela da; eta orain egizu lo lasai eta bihar honetaz berbetan
jarraituko dogu, bai?
-
Ondo amama, benetan dinostazu, ezta?
-
Bai, txikitxu, emoidazu mosutxu bat eta bihar arte.
-
Bihar arte, amama… muuua!
Amama
joan orduko, Osane, ogetik jagi eta ixil-ixilik kajoi batetan eukazan irudi
batzuk hartu eta leihorantz joan zan ilargiaren ziilarrezko dizdirapean hobeago
ikusteko, amamak honela ez eikean argirik ikusiko; Laminen marrazki hareek,
gainera, ilargiaz argiturik askoz politago ikusten ziran.
Amamak
ordu batzuk lehenago erakutsi eutsozanean eta ipuin negargarria edestutean ez
eban ahuntz-oineko Laminik aipatu. Irudietan agertzen ziran Lamina guztiak
ahate-oinekoak ziran, ule luze-luzea argi eta dizdiratsua eukezan. Hareetako batetan Lamina batek beste txikiago
bati, urrezko orrazi ederra eskuan, orrazteko prest egoan.
Luzaro
begiratu ostean Osanek irudiak bere
lekua gorde eta ogeratu zan.
Laster, loak Osane hartu eban eta lo zorroan egoanean… Krist! Krast!
-
Zer da hori? … amama, zeu zara? Zer da apurtu dana?
-
Ixooo…! Zagoz ixilik Osane! Neu izan naz, zure laguntza eskatzen etorri naz,
parkatu baina leihotik sartzean leiharrak apurtu egin dodaz, kontuz
zatitxuakaz…
-
Nor zara zu? Nik ez zaitut ezagutzen, nungoa zara zu? Zein da zure izena? Zergaitik ezagutzen nozu?
-
Astiro, astiro neskato, banan-banan erantzungo deutsudaz zeure itaun guztiak,
baina orain esaidazu; ez daukazu esne apur bat hortik?
-
Esne apur bat? Hemen ez dago esnerik, sukaldean dago beti, baina… hori… zeozer
gogoratzen nago… Bai! Amamaren kontaketa zaharrean, Laminak oso esnezakeak
ziran eta Lamintxo oso esnezale batek bere aizteak salatu ebazan…
-
Bai! Bai! Ixildu zaitez, mesedez! Ez dot gogoratu egin gura, ez dot egun
madarikatu ha inoiz ahaztuko. Neu naz, neu naz bai Lamintxu zalatari ha!
Agoa
zabalik Osanek, leihotik sartutako neskeari goitik behera begiratu eban;
aurpegiz oso polita zan, bere begi orlegiak erreko ura baizen ederrak izan
arren begi-goibeldasuna eben, bere soinekoaren seda-oihala eskuratu ezinezko
urdinez urraturik egoan, ulearen luzeera ziniztezina bazan, haren oinak
ikustean Osanek ikusten egoana benetan sinesgaitza zala pentsatu eban, bere
ahate-oinak zauritu eta odoletan, egoera tamalgarria egozan. Halan ta guztiz
bere, eta sinistu ezinik esan eutson:
-
Lamintzuri zu? Ezina da, zu oso gaztea zara eta amamak edstutako kondairan
sortzen dan Lamina orain ez litzakean bizi izango.
-
Neskato maitea! Nire bizitza luzearen kondaira jakingo bazendu! Zenbat neke,
min eta atsekabe zu aurkitu arte!
-
Ni aurkitu arte? Zergaitik? Nik horretan ezer ikusirik ez dot.
-
Zuk ez, Osane, baina bai zure amamaren amamaren amamak; bera zan nire salaketa
bete egin ebana. Ni orduan oso gazte eta
ezjakina nintzan eta gozozalea bere bai.
Esne apur bategaitik edozer egiteko prest nengoan, horregaitik
Lamintzuri izendatu ninduen.
-
Baina Laminak zelan aienatu esateak, hori larregi da eta parkamenik ez dauka.
-
Badakit, badakit! Une haretan egiten nengoana nik ez nekian eta orain neu naz
ahate-oineko Lamina bakarra. Zigor bategaitik nago mundu honetan.
-
Eta zergaitik salbatu zinan zu?
-
Zure amamaren amamaren amamari gure ixilpekoa esan neutsonetik, ni San Juan
eguneko guztiak errekatik urteten nintzan eta zugaitz artetik ezkutaturik,
bildurrez beterik, urteren batetan zekor-bikoitz bategaz erreka lanntzen ete
eben itxarotzen nengoan. Zure amamaren
amamaren amamak ixilpekoa ahaztuko
ebanaz itxaropentsu nintzan, baina alperrik, berak herritarrei esan eutsen eta nire zoritxarrerako urte
batzuk geroago, zekor-bikoitz bat lortu ebenean egin eben. Nire aizta nagusien odola errekatik zelan
sortzen zan ondino gogoratzen dot. Hau zoritxarra!!
-
Zergatik ez zeutsen eurei aurretiaz iragarri?
-
Ez nintzan ausartu, nire esnezalekeriagaitik beti asarre eta agirika egiten
eusten eta euren asarrez bildur nintzan. Nik ez nebazan mindu gura, asko maite
nebazan, orain eurekaz egon gura neuke, baina ezin dot nire zigorra bete arte.
-
Nortzuk zigortu zinduzan?
-
Basoko Laminak. Eurek, San Juan eguneko
hartan herrikoek erreka dragasten joan
ziranean eta errekako ura gorritu zanean, danak hilik gengozala pentsatu eben,
harrituta egozan herritarrok gure ixilpekoa ekielako. Geroago, basoan aurkitu ninduen eta ni,
guztiz etsita eta negarminez egon arren, damututa eta nekez beterik
egonagaitik, dana azaldu neutsenean gogor zigortu ninduen, eta gehien
bildurtzen nauanagaz gainera: bakardadeagaz.
Lamina bakartia naz ordutik.
-
Eta basoko Laminak, nora joan ziran? Nun dagoz orain? Zergaitik ez dauz inork
ikusten?
Errekako
lehengusinak desagertzean danak batzartu ziran eta guztiak batera, eurek be
desagertzea erabaki eben, horrela ez lirake nitaz errukituko eta nire zigorra
gogorrago izango litzake. Urte hartan izan zan basoan izugarrizko sutea.
Lamintzuri
eta Osane, alkar besarkaturik, negarrez hasi ziran. Osanek, bere amamaren amamaren amamak
herritarrei Laminen ixilpekoa esatearen zergaitia ezin eban ulertu, eta halan
esan eutson Lamintzuriri.
-
Nik esango deutsut dana Osane,-- esan eban Lamintxurik – Orain urte asko ta asko
dirala, Osane, horixe zan zure amamare amamaren amamaren izena, basotik
etxerantz joiala, nire aizteak erreka ertzean orrazten eta orrazten, eta
abesten ikusi ebazan, eurek konturatu ziranean, uretan murgildu ziran,
gizakumeen aurrean ezin ziran agertu eta. Osane gehiago ikusi guraz errekara
hurbildu zan; ezin eban ezer ikusi, baina erreka ondoan urrezko orrazi bat
aurkitu eban eta oso polita izanez gero, sakelan sartu eta etxerantz habiatu
zan. Nire aiztea bere galtzeaz konturaturik eta nork eukan jakitean, asarre
bizian jarri eta gabaz Osaneren leihopean bildurgarrizko abestiak abesten eta
abesten egon zan. Osanek, ostera, ez eban bere orrazi ederra galdu gura, nahiz
eta loak ezin hartu.
Urrengo
gabean nire aiztea, barriro bere, neskearen leihopera abestera joan zan, Eta
Osanek, azkenean, bildurturik eta erdi zoraturik, orrazia leihotik bota egin
eban, baina amorruz beterik eta mendekatu egin guraz. Nik ez nekian hain mendekatia zanik eta
bakarrik asarretuta ikustean, gure ixilpekoaren truke esns apur bat emongo
leuskidala pentsatuz, nire aizteak ondamendira eroan nebazan.
-
Esaidazu, Lamintxuri, nire amamaren amamarewn amamak bere zalaketaren ondorioak
ikusi ebazanean, lasai bizi eitean?
-
Itxaron, itxaron apur bat, Osane. Zure
aurreko Osanek bere mendekua zertu egin ebanean, hamairu urte baino ez ebazan,
baina zekor-bikoitz ha lortu eta haunditu ebenerako bost-sei urte igaro ziran,
berak ia ez eban umekeria ha gogoratzen.
Baina ondino ez deutsut nire zigor osorik azaldu.
-
Nire lehengusinak, basoko Laminak, inguratu ninduen eta zigortzeko, buruan
urrezko orrazia josi eusten kaltegarri hau botaz: “zure aizteen odol artean
dogun urrezko orrazi hau, lepo gainean josita eroango dozun bitartean, Lamina
bakartia izango zara. Osane deritxon
neska batek bakarrik kendu daiketsu, ez dozu inoiz lagunik izango, ez eta
bizilekurik bere”. Hasieran ez nintzan
larregi bildurtu, nahiz eta bakardadearen arerioa izan, banekian Osane bakarra
nun aurkitu, bera nire errukidea izan zan eta nahi ta nahi ez orrazia kenduko
leuskit.
Herrirantz
habiatu nintzan eta heldu nintzanean… ha zan gertaera lazgarria!! Herritar
guztiak Osaneren etxe aurrean negarrez eta otoitz egiten egozan. Ilunpeko baster baten ostendu nintzan eta
alkarrizketa izugarri hau entzun neban: “Osane zoritxarrekoa! Errekako Laminak
aienarazi genduzanetik, goibeltasunik sakonean sartu zan. Ezkonbarria eta haur
bat itxaroten, Laminen aienaketa ez egiteko eskatzen etorri jakunean, haurdun
guraria baino ez zala pentsatu genduan.
Azken urte hareetan kalteak izan ziran herrian eta errudunak Laminak
izan zirala uste izan genduan.
Horregaitik ez geutson jaramonik egin, eta bera, goibeltasunaren
goibeltasunaz gaixotu egin zan, eta gaixoaldi horrek heriotzara eroan dau. Senar alargun gaztea itzi dau eta hamabost
egunetako neskato bategaz gainera,
Maitena zoritxarrekoa! Hain txikia amatxoren umezurtza…! Orain bere amamaren baserrira eroango dabe”.
Nire
inguruan guztia biraka hasi zan. Zer
egin orduan? Bera zan gizagaixoa inguruetako Osane bakarra… noiz arte izango
zan nire bilaketa eta bakardadea?
Orain
badakizu zure laguntza eske etortzearen zergaitia, zeu izan zara ordutik hona
Osane izeneko bakarra.
-
Bai, baina ondino ez dot ulertzen zer dala eta zagozen hain gazte; igaro diran
urteen ondoren ezinezkoa da… zelan ba…?
-
Ez da hain ulergaitxa; zure aurreko Osaneren sasoitik hona niretzat sei urte
baino ez dira igaro… zeuentzako hogeitabost urtetako epea dana, Laminentzat
urte bat baino ez da, horregaitik, kontua ataratzen badozu, jazoera hartatik
hona zuentzat berreun urte gitxi gora behera pasatu dira… Ulertzen dozu orain,
nahiz eta itxura zoritxarrekoa izan, nire aurpegi gaztearen zergaitia, neskato?
-
Baina…hain zagoz mari txirgil eta zauritua… ene!
-
Oso txarto ibili naz mundutik, beti hortik hara eta handik hona, Osaneren
bateren bila, loak hartu ezinik, nire gorputzak behar eban esnea lapurtzen eta,
gainera, inogaz berbarik egin ezin.
Honeek bai urte latzak! Ez dot
atsedenik hartu, ez eta alaitasunik bere.
Nire aizteakaz neban bizitza alai eta atsegingarriaz orain atsekabez
oroitzen naz…
Osane
poztu ezinezko negarretan egoan. Berak bere asaba baten izena ebala baekian,
baina ez gehiagorik. Orain bera zan
Lamintzuriren lepoaren gainetik orrazia kendu behar ebana, bildur zan, ez
eutson minik egin gura. Lamintzuri, ostera, irribarrez egoan bere bakardadearen
amaiera heltzen zalako.
Itxi
ebazan begiak Osanek eta, orrazitik teinkatuz, kentzeaz batera konortea galdu
eban. Une batez medeetako gertakariak
agertuz joan ziran Osaneren begi itxien aurrean… urteak eta urteak, eta Laminek
urte guzti hareetako gertakari ororen lekuko; eurek dana ekien, gure historian
izandako guztia, bere amama, eta bere amamaren amama, eta haren amamaren
kondaira ekien, eta hareago, ziur… “ Zer egingo genduke Laminik baga; gure
Euskalerriaren kondaira galdua betirako!” pentsatu eban, eta bapatean haizearen
txistukada inoiz baino bitxiago entzun eban, urte askotako ahots zahar eta
ozenaren antzekoa…
-
Osane, maitea! Itzartu zaitez! Eguzkia zure ogeraino leihoratzen da eta zu ondino
lo zorroan…!
Osanek,
ozta-ozta begiak zabaltzen hasi zan bitartean, eskoieko eskuan zeozer
dizdiratsua ikusi eban…
URDIÑE