viernes, 14 de julio de 2017

Osaneren amamaren amamaren amama



 

 

 

Osaneren amamaren amamaren amama

(Euskal mitologiaz goiarnasturik)
euskerazaleak alkarteak saritua 1992.urtean 4º saria
- Ene laztana! Zergaitik egiten dozu negar?
- Ez dot sinistu gura, amama, ez dot sinistu gura…
- Baina… zer da sinistu gura ez dozuna, Osane?
- Zuk azaldu deustazun ipuin zaharra, amama.
- Baina ume, hori baino ez da izan, ipuin zaharra.
- Bai, baina zuk esan deustasun legez, Laminak ez dira barriro agertu, nik ez dodaz inoiz ezagutu eta ezagutu gura dodaz. Zergaitik hil behar ebezan? Zergaitik amama?
- Laztana horren errua ez dozu inorengan bota egin behar, esnezalekeria 
bategaitik jazo zan eta horretan edozein gizaki jausi daiteke.
- Baina amama, Laminak benetako gizakiak ziran?
- Benetako gizakirik ziran ala ez, inork ez daki. Gerritik gora, emakume ederrak zirala bai, ondo dakigu, eta oso esnezaleak ere bai.  Gerritik behera, ostera, ez ziran danak bardinak.  Batzuk ahate-oinak, beste batzuk ahuntz-oinak eta baegozan bere arrain buztanekoak, urruneko itsasoetatik etorriak.
- Ene amama! orduan, San Juan eguneko hartan hil egin ebezan Laminak, ez ziran guztiak, ezta?  Ahuntz-oinekoak han ez egozan, ezta amamatxo?  Horrela da?
- Hala dirudi, laztana, baina danak aienatu zirala ei da.
- Ezina da amama, ziur nago ezetz, jazoera harek ahate-oin itxurazkoei buruz bakarrik berba egiten dau.
- Bai maitea, horrela da; eta orain egizu lo lasai eta bihar honetaz berbetan jarraituko dogu, bai?
- Ondo amama, benetan dinostazu, ezta?
- Bai, txikitxu, emoidazu mosutxu bat eta bihar arte.
- Bihar arte, amama… muuua!
Amama joan orduko, Osane, ogetik jagi eta ixil-ixilik kajoi batetan eukazan irudi batzuk hartu eta leihorantz joan zan ilargiaren ziilarrezko dizdirapean hobeago ikusteko, amamak honela ez eikean argirik ikusiko; Laminen marrazki hareek, gainera, ilargiaz argiturik askoz politago ikusten ziran.
Amamak ordu batzuk lehenago erakutsi eutsozanean eta ipuin negargarria edestutean ez eban ahuntz-oineko Laminik aipatu. Irudietan agertzen ziran Lamina guztiak ahate-oinekoak ziran, ule luze-luzea argi eta dizdiratsua eukezan.  Hareetako batetan Lamina batek beste txikiago bati, urrezko orrazi ederra eskuan, orrazteko prest egoan.
Luzaro begiratu ostean Osanek irudiak bere  lekua gorde eta ogeratu zan.  Laster, loak Osane hartu eban eta lo zorroan egoanean… Krist! Krast!
- Zer da hori? … amama, zeu zara? Zer da apurtu dana?
- Ixooo…! Zagoz ixilik Osane! Neu izan naz, zure laguntza eskatzen etorri naz, parkatu baina leihotik sartzean leiharrak apurtu egin dodaz, kontuz zatitxuakaz…
- Nor zara zu? Nik ez zaitut ezagutzen, nungoa zara zu?  Zein da zure izena?  Zergaitik ezagutzen nozu?
- Astiro, astiro neskato, banan-banan erantzungo deutsudaz zeure itaun guztiak, baina orain esaidazu; ez daukazu esne apur bat hortik?
- Esne apur bat? Hemen ez dago esnerik, sukaldean dago beti, baina… hori… zeozer gogoratzen nago… Bai! Amamaren kontaketa zaharrean, Laminak oso esnezakeak ziran eta Lamintxo oso esnezale batek bere aizteak salatu ebazan…
- Bai! Bai! Ixildu zaitez, mesedez! Ez dot gogoratu egin gura, ez dot egun madarikatu ha inoiz ahaztuko. Neu naz, neu naz bai Lamintxu zalatari ha!
Agoa zabalik Osanek, leihotik sartutako neskeari goitik behera begiratu eban; aurpegiz oso polita zan, bere begi orlegiak erreko ura baizen ederrak izan arren begi-goibeldasuna eben, bere soinekoaren seda-oihala eskuratu ezinezko urdinez urraturik egoan, ulearen luzeera ziniztezina bazan, haren oinak ikustean Osanek ikusten egoana benetan sinesgaitza zala pentsatu eban, bere ahate-oinak zauritu eta odoletan, egoera tamalgarria egozan. Halan ta guztiz bere, eta sinistu ezinik esan eutson:
- Lamintzuri zu? Ezina da, zu oso gaztea zara eta amamak edstutako kondairan sortzen dan Lamina orain ez litzakean bizi izango.
- Neskato maitea! Nire bizitza luzearen kondaira jakingo bazendu! Zenbat neke, min eta atsekabe zu aurkitu arte!
- Ni aurkitu arte? Zergaitik? Nik horretan ezer ikusirik ez dot.
- Zuk ez, Osane, baina bai zure amamaren amamaren amamak; bera zan nire salaketa bete egin ebana.  Ni orduan oso gazte eta ezjakina nintzan eta gozozalea bere bai.  Esne apur bategaitik edozer egiteko prest nengoan, horregaitik Lamintzuri izendatu ninduen.
- Baina Laminak zelan aienatu esateak, hori larregi da eta parkamenik ez dauka.
- Badakit, badakit! Une haretan egiten nengoana nik ez nekian eta orain neu naz ahate-oineko Lamina bakarra. Zigor bategaitik nago mundu honetan.
- Eta zergaitik salbatu zinan zu?
- Zure amamaren amamaren amamari gure ixilpekoa esan neutsonetik, ni San Juan eguneko guztiak errekatik urteten nintzan eta zugaitz artetik ezkutaturik, bildurrez beterik, urteren batetan zekor-bikoitz bategaz erreka lanntzen ete eben itxarotzen nengoan.  Zure amamaren amamaren amamak ixilpekoa  ahaztuko ebanaz itxaropentsu nintzan, baina alperrik, berak herritarrei  esan eutsen eta nire zoritxarrerako urte batzuk geroago, zekor-bikoitz bat lortu ebenean egin eben.  Nire aizta nagusien odola errekatik zelan sortzen zan ondino gogoratzen dot. Hau zoritxarra!!
- Zergatik ez zeutsen eurei aurretiaz iragarri?
- Ez nintzan ausartu, nire esnezalekeriagaitik beti asarre eta agirika egiten eusten eta euren asarrez bildur nintzan. Nik ez nebazan mindu gura, asko maite nebazan, orain eurekaz egon gura neuke, baina ezin dot nire zigorra bete arte.
- Nortzuk zigortu zinduzan?
- Basoko Laminak.  Eurek, San Juan eguneko hartan  herrikoek erreka dragasten joan ziranean eta errekako ura gorritu zanean, danak hilik gengozala pentsatu eben, harrituta egozan herritarrok gure ixilpekoa ekielako.  Geroago, basoan aurkitu ninduen eta ni, guztiz etsita eta negarminez egon arren, damututa eta nekez beterik egonagaitik, dana azaldu neutsenean gogor zigortu ninduen, eta gehien bildurtzen nauanagaz gainera: bakardadeagaz.  Lamina bakartia naz ordutik.
- Eta basoko Laminak, nora joan ziran? Nun dagoz orain? Zergaitik ez dauz inork ikusten?
Errekako lehengusinak desagertzean danak batzartu ziran eta guztiak batera, eurek be desagertzea erabaki eben, horrela ez lirake nitaz errukituko eta nire zigorra gogorrago izango litzake. Urte hartan izan zan basoan izugarrizko sutea.
Lamintzuri eta Osane, alkar besarkaturik, negarrez hasi ziran.  Osanek, bere amamaren amamaren amamak herritarrei Laminen ixilpekoa esatearen zergaitia ezin eban ulertu, eta halan esan eutson Lamintzuriri.
- Nik esango deutsut dana Osane,-- esan eban Lamintxurik – Orain urte asko ta asko dirala, Osane, horixe zan zure amamare amamaren amamaren izena, basotik etxerantz joiala, nire aizteak erreka ertzean orrazten eta orrazten, eta abesten ikusi ebazan, eurek konturatu ziranean, uretan murgildu ziran, gizakumeen aurrean ezin ziran agertu eta. Osane gehiago ikusi guraz errekara hurbildu zan; ezin eban ezer ikusi, baina erreka ondoan urrezko orrazi bat aurkitu eban eta oso polita izanez gero, sakelan sartu eta etxerantz habiatu zan. Nire aiztea bere galtzeaz konturaturik eta nork eukan jakitean, asarre bizian jarri eta gabaz Osaneren leihopean bildurgarrizko abestiak abesten eta abesten egon zan. Osanek, ostera, ez eban bere orrazi ederra galdu gura, nahiz eta loak ezin hartu.
Urrengo gabean nire aiztea, barriro bere, neskearen leihopera abestera joan zan, Eta Osanek, azkenean, bildurturik eta erdi zoraturik, orrazia leihotik bota egin eban, baina amorruz beterik eta mendekatu egin guraz.  Nik ez nekian hain mendekatia zanik eta bakarrik asarretuta ikustean, gure ixilpekoaren truke esns apur bat emongo leuskidala pentsatuz, nire aizteak ondamendira eroan nebazan.
- Esaidazu, Lamintxuri, nire amamaren amamarewn amamak bere zalaketaren ondorioak ikusi ebazanean, lasai bizi eitean?
- Itxaron, itxaron apur bat, Osane.  Zure aurreko Osanek bere mendekua zertu egin ebanean, hamairu urte baino ez ebazan, baina zekor-bikoitz ha lortu eta haunditu ebenerako bost-sei urte igaro ziran, berak ia ez eban umekeria ha gogoratzen.  Baina ondino ez deutsut nire zigor osorik azaldu.
- Nire lehengusinak, basoko Laminak, inguratu ninduen eta zigortzeko, buruan urrezko orrazia josi eusten kaltegarri hau botaz: “zure aizteen odol artean dogun urrezko orrazi hau, lepo gainean josita eroango dozun bitartean, Lamina bakartia izango zara.  Osane deritxon neska batek bakarrik kendu daiketsu, ez dozu inoiz lagunik izango, ez eta bizilekurik bere”.  Hasieran ez nintzan larregi bildurtu, nahiz eta bakardadearen arerioa izan, banekian Osane bakarra nun aurkitu, bera nire errukidea izan zan eta nahi ta nahi ez orrazia kenduko leuskit.
Herrirantz habiatu nintzan eta heldu nintzanean… ha zan gertaera lazgarria!! Herritar guztiak Osaneren etxe aurrean negarrez eta otoitz egiten egozan.  Ilunpeko baster baten ostendu nintzan eta alkarrizketa izugarri hau entzun neban: “Osane zoritxarrekoa! Errekako Laminak aienarazi genduzanetik, goibeltasunik sakonean sartu zan. Ezkonbarria eta haur bat itxaroten, Laminen aienaketa ez egiteko eskatzen etorri jakunean, haurdun guraria baino ez zala pentsatu genduan.  Azken urte hareetan kalteak izan ziran herrian eta errudunak Laminak izan zirala uste izan genduan.  Horregaitik ez geutson jaramonik egin, eta bera, goibeltasunaren goibeltasunaz gaixotu egin zan, eta gaixoaldi horrek heriotzara eroan dau.  Senar alargun gaztea itzi dau eta hamabost egunetako neskato bategaz gainera,  Maitena zoritxarrekoa! Hain txikia amatxoren umezurtza…!  Orain bere amamaren baserrira eroango dabe”.
Nire inguruan guztia biraka hasi zan.  Zer egin orduan? Bera zan gizagaixoa inguruetako Osane bakarra… noiz arte izango zan nire bilaketa eta bakardadea?
Orain badakizu zure laguntza eske etortzearen zergaitia, zeu izan zara ordutik hona Osane izeneko bakarra.
- Bai, baina ondino ez dot ulertzen zer dala eta zagozen hain gazte; igaro diran urteen ondoren ezinezkoa da… zelan ba…?
- Ez da hain ulergaitxa; zure aurreko Osaneren sasoitik hona niretzat sei urte baino ez dira igaro… zeuentzako hogeitabost urtetako epea dana, Laminentzat urte bat baino ez da, horregaitik, kontua ataratzen badozu, jazoera hartatik hona zuentzat berreun urte gitxi gora behera pasatu dira… Ulertzen dozu orain, nahiz eta itxura zoritxarrekoa izan, nire aurpegi gaztearen zergaitia, neskato?
- Baina…hain zagoz mari txirgil eta zauritua… ene!
- Oso txarto ibili naz mundutik, beti hortik hara eta handik hona, Osaneren bateren bila, loak hartu ezinik, nire gorputzak behar eban esnea lapurtzen eta, gainera, inogaz berbarik egin ezin.  Honeek bai urte latzak!  Ez dot atsedenik hartu, ez eta alaitasunik bere.  Nire aizteakaz neban bizitza alai eta atsegingarriaz orain atsekabez oroitzen naz…
Osane poztu ezinezko negarretan egoan. Berak bere asaba baten izena ebala baekian, baina ez gehiagorik.  Orain bera zan Lamintzuriren lepoaren gainetik orrazia kendu behar ebana, bildur zan, ez eutson minik egin gura. Lamintzuri, ostera, irribarrez egoan bere bakardadearen amaiera heltzen zalako.
Itxi ebazan begiak Osanek eta, orrazitik teinkatuz, kentzeaz batera konortea galdu eban.  Une batez medeetako gertakariak agertuz joan ziran Osaneren begi itxien aurrean… urteak eta urteak, eta Laminek urte guzti hareetako gertakari ororen lekuko; eurek dana ekien, gure historian izandako guztia, bere amama, eta bere amamaren amama, eta haren amamaren kondaira ekien, eta hareago, ziur… “ Zer egingo genduke Laminik baga; gure Euskalerriaren kondaira galdua betirako!” pentsatu eban, eta bapatean haizearen txistukada inoiz baino bitxiago entzun eban, urte askotako ahots zahar eta ozenaren antzekoa…
- Osane, maitea! Itzartu zaitez! Eguzkia zure ogeraino leihoratzen da eta zu ondino lo zorroan…!
Osanek, ozta-ozta begiak zabaltzen hasi zan bitartean, eskoieko eskuan zeozer dizdiratsua ikusi eban…

URDIÑE

No hay comentarios:

Publicar un comentario