Iturrarango erlatokian
Primer premio de narración “Itinerarios
Monumentales por Euskal Herria”, Departamento de Cultura del Gobierno Vasco,
2000.
— Ez zaitez urrundu! Ordu eta erdi barru autobusa
etorriko jaku eta!
— Lasaitu zaiteze eta jarraitu, gero harrapatuko zaituet!
Hemendik basa-mailuki piloa aurkitu dot eta eldu-elduak, mmm… bai gozoak!
— Dzzz… dzzz… dzzz…
—
Ene ama! Liztor bat dabil
hemendik!
— Liztor bat, liztor bat…! Itsu
zagoz ala?
—
Nor da? Non zagoz? Zergaitik
ez zaitut ikusten?
—
Zabaldu begiak, kokolo horrek! Zure aurrean nago, basa-mailuki honen gainean!
Ez ahoratu mesedez! Iruntsi gura nozu?
—
Ene ama, erle bat! Erle bat hitzegiten!
—
Bai, eta zure moduan gainera, bizkaieraz, ala ez zara konturatu?
—
Egia da! Harrituta nago! gipuzkoarra izan eta bizkaieraz egin!
—
Horren zergaitia eta zergaitik behar zaitudan luze-luzea izan arren, labur
kontatzen ahaleginduko naz, autobusa galdu ez daizun.
—
Autobusa hartu behar dodala ere badakizu?
—
Hori eta nondik zatozen ere bai. Hegan egiten dogunok berriak arin harrapatzeko
aukera daukagu, eta orain, ixiltzen bazara, kontatuko dizut.
—
E!! Aditz hori ez da Bizkaikoa!
—
Bai, egia da, baina egunero entzunez gero, gauza normala da. Horrez
gainera,
inguru honeetatik Gipuzkoako euskerarik garbiena erabiltzen da. Zuk ere
Iturraran baserrikoa oso ondo ulertu dozu, ezta? Danak, ostera, ez dabe
ulertzen.
—
Bai, bai, ulertzen deutsut. Bizkaian be ez dabe danak bizkaiera ulertzen, ia
toki guztietan batua irakasten da eta. Egoera honi esker, bai Gipuzkoako, bai
Bizkaiko hizkera bizia zoritxarrez hil egingo jaku.
—
Hau nekea! Euskal Herriko aberastasuna galtzea ere… Baina batuaren errua dala
uste dozu? Euskaldun ardurabakoen errua ere ez da izango?
—
Ez da nire kasua. Nik bizkaiera ikasi gura neban eta, oso ondo ikasi ezkero,
besteak ezagutzeko eta ulertzeko arazo haundirik ez dago.
—
Badakit, badakit… Zergaitik uste dozu zurekin bizkaiera erabilteko ahaleginak
egiten dodazala?
—
Barkatu, erletxo, eta jarraitu eizu kontatzen.
—
Erletxo, erletxo…! Ni ez naz erle arrunta, erlama baino!
—
Erlama! Hori erregina izatea da, ezta? Erleen munduari buruz ez dot asko
ulertzen eta.
—
Ikusten da, ikusten da… Niri "liztorra" esan!! Horregaitik bakarrik
ziztada ederra merezi dozu!
—
Ez haserretu, mesedez. Adi eta zur eukiko nozu zutaz dana entzuteko.
—
Entzun ba… Ni Gipuzkoan jaio, hazi, hezi eta bizi izan arren, nire eren-amaren
jatorria Bizkaikoa zan, Enkarterriko mehatzaldekoa, zehatz esanda.
—
Ene, Jainkoa, ni bezelakoa! Nongoa? Zein herritakoa?
—
Ssss… Ixiltzeko, kontxo, berritxu hori!
—
Haserrekorra zara gero! Tira,
jarraitu, jarraitu…
—
Nire eren-amama, jakina, erlama zan, baina ez eizu uste erlama izatea
erreginaren moduko bizitza danik, ezta hurrik emon bere! Egia da lorerik lore
ibili
beharrik ez dogula, hori erle-langileek egiten dabe, baita erlategiak egin,
zaindu eta garbitu ere. Eurak erlekumeen zaindariak ere badira eta lore hautsez
egindako eztiaz elikatzen dabez, baina asko eta asko dira. Erlama, ostera,
erlauntza bakoitzean bakarra da, eta bere eginbeharra, udero, erla-txorta berri
bat sortzea da; erla-txorta bakoitzean mila erla-zulo edo gehiago betetzen
dauz. Erlemandoa ere bat bakarrik da, eta haren lana erlamaren ernalketa da;
ezkon egaldi bakoitzean ernaldu edo ugaldu egin behar dau. Eginkizuna zein
bizitza, biak dira laburrak. Uda amaitu eta gero, hil egiten dira, eta hiltzen
ez diranak erle-langileek kanporatu edo hil egiten dabez.
—
Hori da gogorkeria! Eta alkar maite
dabenean?
— Orain, orain… itxi eidazu kontatzen ba!! Horixe
izan zan nire eren-amaren kasua. Mehatzaldeko erlategi baten bizi zan zoriontsu
bere erlemandoagaz. Uda haretan lehenengoz izan zan ugalkor eta, bere
erlamandoa ezagutu orduko, alkar maitemindu ziran. Uda osoan 150.000 erla-zulo
bete ebazan, baina nahiz eta lan gogorra izan, nire eren-amama zoriontsua zan.
Zoriontasuna
betirako ez zana ondo ekien. Maitalearen amaiera udagoienaz batera etorriko
zan. Bildurrez beterik, baina itxaropentsu, erleen Maitagarriarengana joan
ziran, denbora gehiago eskatzera. Alperrik. Honek lege zaharrak itzalgarriak
zirala esan eutsen, betetzen ez ebezanak betirako galduak zirala eta bien
ametsa gogotik kentzeko. Nekez
beterik, handik alde egin eben hegaz. Zer egin behar eben? Lege zahar
bidegabeko haren aurka egozan biak, eta berehala Mehatzaldetik iges egitea
erabaki eben. Hegaka ebilela, mehatzulo batetik burdin-harriz beteta egoan
gurdiska bat urtetzen ikusi eben. Besterik gabe, eta arnas
bakarrean, harri zulodun baten barruan sartu eta, alkar besarkaturik, lo
zorroan sartu ziran.
—
Hotzikara baten nago entzuten! Hori bai kontakizuna! Jarraitu, mesedez!
—
Bai, ez det haria galdu nahi. Esnatu ziranean kulunkatzen joiazala konturatu
ziran. Ez ekien zer demontre zan ha eta gorantz begiratzeko buruak ateratzean
zeru urdina eta inguruan itsasoko olatuen joan-etorria ikusi eben.
"Zer
da hau? Non gagoz?" galdetu eban nire eren-amamak harrituta, eta
erlemandoak lasaitzeko esan eutson, dana azalduko eutsola. Hegaka alde egin
eban eta, aitearena egin orduko, barriakaz itzuli zan. Gurdiska Muskizko
zama-kaiaraino heldu eta han zama-ontzian hustu egin eben, eta, marinel batzuei
entzunda, orain ontzi haretan joiazan Zarautzeko kaiarantz, handik Pagoeta
mendian egoan Agorregiko burni-olarako bidean.
Nire
eren-amama bere Bizkaia maitea itxiteak asko goibeldu eban eta arbasoen
lurraldera itzultzeko zin egin eban, bera edo bere ondorengoren bat.
—
Horregaitik etorri zatxataz…! Parkatu,
jarraitu eizu…
— Bai, hizpidean zagoz, eta ahalik eta lasterren amaituko
dot, Bizkaiko Mehatzalderako autobusa galdu ez daizun.
Zamaontziak ez eban Zarautzen legorreratu, Orion baino,
eta Oriotik Agorregirainoko bidetik, janari bila egin eben hegaldi baten, toki
zoragarria begiztatu eben. Toki ha Iturraran ingurua zan, leku
liluragarria benetan.
Poz-pozik
bizi ziran han hurrengo uda itxaroten, baina uda etortzeko egoanean, egun
batean, ustekabean, erleen maitagarria agertu jaken. Zori galdukoak zirela esan
zien haserrez, lege zaharrak hautsi ebezala, baina alperrik, ez ebelako berriro
Bizkaia ikusiko, eta euren ondorengorik bueltatu gura baeban, lehenengo
baldintza bat bete beharko ebala: bizkaieraz ikasi, bestela ez ebala
Gipuzkoatik urtengo. Horregaitik belaunaldi guztietako erlama batek bizkaiera
jakin behar dau, eta hemen nago ni, gure jatorrizko lurraldera joateko prest.
— Ez dot gauza bat ulertzen. Zergaitik ez da zure
asabaren bat lehenago joan? Hegoak badaukazuez eta.
—
Egia da gutaz ezer ez dozula ulertzen, motel! Erleok ezin dogu hainbeste
kilometro egin. Txoriak garala pentsatu dozu ala?
—
Nahiko da! Hain kokoloa be ez naz! Eta zelan etorriko zara? Sarrastatu
egin
nau zure kondaira eta prest nago zu nigaz eroateko, baina ez dot zorrorik
ekarri.
—
Ez estutu, andrea, zure buruan ule artean joango naz eroso.
—
Ba… baina… ziztadarik ez deustazu emongo, ezta?
—
Lasai, lasai… merezi izan arren, adiskideen artean ez da horrelakorik egiten.
—
Egia da, gu betirako laguntxoak izango garala uste dot.
—
Bai, baina gauza garrantzitsu bat esan behar deutsut. Baso miresgarri honetatik
urtetzean ez deustazu tutik ere ulertuko.
—
Zer dinozu? Hain pozik nengoan ni besteei kontatzeko prest…!
—
Asko sentitzen dot, baina kontatzen badeutsezu zorotzat hartuko zaitue. Zer?
Eroan behar nozu ala ez?
— Bai, bai, atseginez. Hala ere, nire ule artean
egokitzen zaran bitartean bost minututxo jesarriko naz, zuri entzuten
kokorikaturik egotearren hankak txingurritu jataz eta…
…
—
Ondo dago, andrea! Danok erlauntzatik eta lorategitik zure bila, eta zu hemen,
autobusean lo egiten! Kopetan azala daukazu gero!!
— Zer? Non nago? Non dago nire laguna?
—
Zure laguna? Eta… nor demontre naz ni baina…? Aaaaa! Aaaaa! Kontuz! Zure burutik erle bat ikusi dot!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario