Kilima sorginaren gorabeherak
Ipuina
Edonork zein edozerk bere gorputza ikutu eta barreka hasten zan
gure sorgintxoa jaio zaneko egunetik bertatik. Horrexegaitik izendatu eben
«Kilima». Bere amak ia ezin eban jantzi bere, oso zaila zan-eta. Bere gorputza
garbitzean, barreka eta barreka hasten zan eten barik; kolonia-ur pixka bat
botatzean barre algara; bere oinetan galtzerditxoak ipini eta barriro bere
barre... Egun guztian izugarrizko barrean egoan. Baina hori ez ezik, guztiak
bere, bera isildu arte, barreka hasten ziran, oso barre nahaskorra baizan.
Kilimaren ama oso kezkaturik egoan, bere senidetartekorik zaharrei
barre eraginaren eraginaz, honeek, erdi hito, egoera larri-larrian egoten ziran
behin baino gehiagotan.
Zortzi egun betetzean, amak sorgin-amabitxiarengana eroan eban
Kilima, senideen hondamenaren bildur zan-eta.
Kilimaren amabitxia Oiz mendiko leize batetan bizi zan, eta
haraino lerratzez joan ziran Zugarramurditik, hauxe baizan Kilimaren bizilekua.
Haurra eroateko, amak hondartzan bilatutako oskol haundi batetan
ezarri eban, haize gogorrak bere barreak sortarazi ahal eutsozalako, eta bien
barreakaz lerratza apurtu egin leitekean. Eta seaska harrigarri haregaz,
amabitxiaren leize-atean agertu zan.
Inguma, haxe baizan Kilimaren amabitxiaren izena, leize-atean
egoan, orlegi guztietako bere soinekoa jantzirik eta eskuan inarra-adarra
eroala.
— Bazagoze hemen. Nire mitxeletek honantz zentozela esan deuste.
Zer jazo jako Kilimari? zergaitik dakarzu oskol haundi horretan? gaixorik al
dago?
— Ez, ez, egon lasai —erantzun eutson Kilimaren amak— ez da hori.
Kilima ondo dago, arazoa bestelakoa da —eta Kilimaren berezitasuna
zehatz-mehatz azaldu eutson. Entzun eta gero, Ingumak oskola zabaldu eta
neskatoa hartu eban.
— Kontuz! —esan eban amak oihuka. Baina... ha bai harrigarria! Ez
eban Kilimak barrerik egin bere amabitxiak ikutzean, ez eta eskuak jasoaz
haizetik erabiltean— Zer jazo da? osatu al da nire alabatxoa? —esan eban amak.
— Ez, ez da hori. Nire jantziaren margoagaitik izan da —erantzun
eutson Ingumak— Jaio zanean, ni antxe nengoan eta bere gorputzak ikutu eban
lenengo gauza nire sorginkerizko soinekoa izan zan, ez al dozu gogoratzen? Bere
soinekoagaz estalita eroan neban, eta miragarria izanez gero, orain bere
beharraren beharraz, gizakia ez danez, negar egin baino, barre egiten dau.
— Eta zer egin daiket nik? Gure sendiak ezin dau egoera honetan jarraitu, zaharrenak batez
bere.
— Lasaitu zaitez —esan eutson Ingumak amari— Nire errua izan zan
eta neuk konponduko dot. Hartu nire soinekoaren samekoa, Kilimari lotu eta,
bere samari lotuta egonez gero, inolako ikuturik ez deutso barrerik eragingo.
— Baina zapi bat ez da betirako, eta hausten bada?
— Miragarria dala esan deutsut, eta ezin da apurtu, ezta zahartu
bere. Baina kontuz! galdu egiten badau, bere eragina bere galdu egingo dau,
etah onegaz batera nigandik hartutako ahalmenak. Zuk badakizu geutariko
ahaltsuena nazala, eta Kilima nire besoetakoa izanik, nigan dagozan ahalmen
guztien oinordekoa izango da. Zaindu ondo gero bere samekoa, bera haren
arduradun izan arte!
Eta alkar agur eta mosu eginez, lerratza hartu eta barriro
Zugarramurdiraino joan ziran ama eta Kilima.
Euren leizera heltzean senideak batzartu egin ziran, eta Kilimaren
amak azaldurikoa arretaz entzun eben. Azalpena amaitu eta gero, danon artean Kilimaren
samekoaren zaindari izatea erabagi eben.
Egunak joan eta egunak etorri, Kilimaren senditarrak arretaz
zaintzen eben neskatoa. Urtero, Kilimaren urtebetetzea ospatzeko, jai ederra
egiten eben Zugarramurdiko leize-atarian. Inguruetako sorgin eta azti guztiak
batzartzen ziran, baita Inguma bere, inarra eskuan, Oiztik Zugarramurdiraino
joaten zan beti. Kilimaren edertasunaz harro egoan eta, beste urteetan legez,
opari ederra eroan gura eutson. Urte hartan oreinkume ederra oparitu eutson.
Oreinkumea miraritsua zan; hitzegin eikean, baina haren mintzaira Ingumak
bakarrik, eta orain Kilimak ere, ulertu eikien, beste guztientzat, ostera,
edozein orein-hots arrunta zan.
Bai pozik egoala Kilimah ain opari ederragaz! Orduak eta orduak
emoten ebazan bere Tximistagaz, honela izendatu bai eban bere oreinkumea. Eta
ulertu ez bakarrik, oso urrutik entzuten eban Kilimak Tximistaren ahotsa, naiz
eta bere ikusmenetik kanpo izan, alkar berba egin eikien.
— Zatoz nigana —esan eutson Kilimak Tximistari— Ni lako lau urteko
neskatila gainean izanda ibili al zaitekez?
— Hoba ez! —erantzun eutson Tximistak— Igon zaitez nire lepora eta
neure izenak dinoan bezela joango gara.
Esan eta egin, tximistaren abiaduraz urrundu ziran, baina... ha
zoritxarra! Abiaduraren abiaduraz, handik urrunean egoan harizti batera
heltzean, haritzetariko baten adarrak Kilimaren samekoa harrapatu eban, eta
orlegia izanez gero, adarreko ostoen orlegiaz nahaspildu zan.
Kilima oso pozik joian bere oreinkumearen gainean eta, batbatean,
barreka hasi zan. Bideetan zear barreak gero eta hugariagoak ziran eta
Tximistak, harriturik, bere lasterketa amaitu eban. Baina Kilimaren barre
algarak ez ziran bukatzen, eta orduantxe konturatu zan. Kilimak bere samekoa galdu egin
eban, baina non? noiz? zelan aurkitu? zer egin Kilimaren barreak lasaitzeko?
Honetaz kezkaturik egoala, baso
artako bazter batetatik aizkolari bat agertu zan, eta hari samekoa aurkitzeko
laguntza eskatzen hasi zanean, aizkolaria be barre-zantzotan hasi zan, eten
barik leher egiteko moduan.
Oreintxoak ez ekian zer egin. Barriz
Kilimaren urtebetetze jaiara itzuli gura eban, baina samekoa galduta, bera
errudun agertzearen bildurrak gogoa aldarazi eutson eta samekoa aurkitzeko
itxaropenaz basoa miatzen hasi zan, Kilima gainean eta aizkolaria barre-algara
betean itziten.
Bitartean, Zugarramurdin, Kilima eta
oreintxoaren aldentzeaz ohartu ziran eta, kezkaz beterik, zahar eta gazte,
sorgin eta azti, danak hareen bila hasi ziran inguruak arakatzen. Ingumak orduan lasaitzeko esan
eutsen guztiei, berak oreintxoagaz berba egin eikeala, baina Tximistak
bildurraren bildurrez erantzun gura ez ebanik ez ekian.
Inguma larritzen zan bitartean, Tximista, samekoa aurkitu guraz,
gero eta geiago urrutiratzen zan. Orduan Kilimaren amabitxiari bere tximeletak
deitzea otu jakon.
Inarra-adarra haizean murgiltzean, margo guztietako mitxeletak
hegaz agertu ziran. Zugarramurdiko inguruak liluragarrizko margoez jantzi ziran
eta euren ugazabaren agindua beteaz, basoa arakatzen hasi ziran tximeletak.
Ordu batzu geroago, Iratiko basoan aizkolaria aurkitu eben, eta
zelan aurkitu! Lurrean etzunda, eskuak sabelean eta sentzunbako barreak isildu
ezinik.
Mitxeleta batzu Ingumarengana abiatu ziran, hari aurkitutakoa
esatera. Eta bera, Aitearen esan orduko, bertan agertu zan, eta inarra-adarrari
eraginez, aizkolaria ixildu eban.
Andik urrutira egozan Tximistak eta Kilimak, bitartean, jende
taldea ikusi eben, danak iladan, negarrez eta baltzez jantzirik. Eurek, orduan,
harrituta, hareek alaitzeko asmoz hurbildu egin jakezan, baina... ha zoritxarra!
hileta bat zan, eta kilimaren barreak eraginda, danok barreka hasi ziran,
hildakoaren gorpua lurperatu barik itziz eta gure lagunen atzetik hasarreturik
abiatuz.
Bere izena baizen arin urrundu zan oreintzoa bildurtuta, eta
basoko argi-une batera heltzean, Kilimaren barreak baretzeko, jantzi guztiak
eranzteko eskatu eutson eta handik aurkitutako maskulo-oskol izugarri batean
sartu eban, ezerk haren gorputza ikutu ez eion.
Barreak amaitzea lortu eta gero, Tximistak Ingumarengana joatea
erabagi eban, hari jasotakoa esateko, baina maskulo-oskol izugarri haregaz
joatea ezina zan, beraz, Kilimari han geldirik egoteko esanez, bera bakarrik
joan egin zan.
Bidetik joiala, haize-bolada gogorra hasi zan eta, haizeteaz,
harizti azpitik igarotzean, bere begien aurrean hegaz, Kilimaren samekoa agertu
zan. Pozez beterik, Kilimarenganaino itzultzea erabagi eban. Pentsatu eta egin,
samekoa ahoan harturik, korrika hasi zan.
Sorgintxoa, bitartean, bere gorputza haizetearen eraginaz
babesturik, maskulo-olkolan sartuta, berak eginiko zulo batetik begiratzen
egoala, bare-urkuilo taldea beregana etorrela ikusi eban. Harei barrea
eragitearen bildurrez bertan isilik geratu zan, baina bare-urkuiloak gero eta
geiago hurbiltzen ziran, arraskulo-oskolaren neurriaz harriturik, eta barrukoa
ikusi guraz hari bultzaka hasi jakozan. Eta bultzadaren bultzadaz, biribilka
hasi eta aldapan behera jausi zan.
Pozgarria jakon egoera Kilimari, toboganaren moduko batean joiala,
baina gero eta arinago joanez gero, bapatean maskulo-oskoletik kanpora haizean
hegaka aurkitu eban bere burua.
Egoera larria benetan! Nora jauziko ete zan? Beherantzako begirada
batez, bedar bigun piloaren gainean egoala ikusi eban. «Ene! barriro barreka
hasiko naz» esan eban bere kolkorako Kilima gaizoak. Baina ha bai harrigarria!
Belar sorginduak ziran hareek, eta barrea sortarazi egin bearrean, oihuka hasi
zan gure laguntxoa. Tikili-takala urten eban bedarretatik Kilimak eta gorputza
osorik puxildurik.
Gisa honetan aurkitu eban Tximistak, baina azkureak erreta
egonarren, poz-pozik egoan. Belar sorgindu hareek, berezitasun hartatik atera
egin eben eta alai eta guztiz osaturik etxerantz abiatu ziran, barri pozgarria
guztiakaz ospatzeko.
Badakizue belar sorgindu hareek Euskalerriko baster guztietatik
aurkitu daikeguzala? Bai, lagunak, eta barre-dardara batean aurkitzen bazaree,
ikutu egizuez, eta berehala amaituko jatzuez barreak guztiak. Hareen izena
jakin gura dozuela? Hara, ASUNAK!!
URDIÑE(Palmi)
Ortuellako Udalaren
Emakume Sailak antolatutako Emakumeen kontakisun laburrak, lehenengo saria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario