“Antton Atorra”
Hartu –emanak 1º sariaz saritua 2009. urtean, Bilbon ,Bidebarrieta liburutegian
Guraso
zein senitarteko ta inguruko guztiak holako jaiobarria ikusi ebenean harritu
egin ziran. Horregaitik beharbada bere ama gaixoari
erditzeak hainbeste ordu emon eutsozan.
Hango
batzuk, hiru edo lau haurtxo izango ebazala uste izan eben, baina, bai zera, ez
zan horrela, neurri itzelezko haurra baino.
Holako haurra ikustean,
senitartekoak arbasoen argibideetan arakatzen hasi ziran, antzeko gizakiren
bila. Alperrik, aurre-aurrean eukena paregabekoa zan.
Ama gizajoa ahul-ahul geratu
zan. Haurdundu baino lehen, ez zan emakume potoloa; ostean bai, haurdunaldiaren
hirugarren hilabetetik erditze egunera arte, hogeita bost kilo loditu zan,
baina hori ere bere auzoan ez zan harritzeko gauza haundirik.
Jaiobarriarentzako seaskatxoa txikiegia zala konturatu ziranean, aita, tximista baizen arin, beste seaska
haundiago bat eskatzeko arotzarengana joan zan.
Ordu batzuk geroago seaska
barriagaz oso pozik etorri zan. Sendiko emakumeak, bitartean, jantzi barri
haundiagoak josi ebezan eta gorulariak gordeta eukan hari eta ehun guztia
agortu ebezan, baina gure haurraren ume-otzarea barriro beterik egoan.
Nahiz eta jaiobarria izan, hain
haundi izatearren, amak ez eukan esne nahikorik semetxoaren urdaia betetzeko,
horregaitik amama "kerizpe" astemearengana haren esne gozoaren bila
kortara abiatu zan.
Atseginez hartzen eban gure
jaiobarriak "kerizpe"-ren esnea, baina handik bi astebetera, ondoko
auzokoen astemearen esnea ere behar izaten eban. Hainbeste jatearen eraginaz
beharbada, izugarrizko neurrian hazten zan.
Handik gitxira halako gizakumea
janztea amarentzat nekegarria izanik, burutik beherako ator luze-luze batzuk
egitea otu jakon. Ha bai poza! Orduan jagi eta lo egiteko orduak askoz erosoak
ziran.
Hurrengo hilean umea bateatu
eben eta aititeren omenez Antton izendatu eben. Amarentzat noizean behin
semeari kamisoi antzeko jantziak egitea errezagoa zan. Ohetik atara, elikatu,
garbitu eta oheratzea guztiz nekagarria izaten zalako.
Herritxo hartan ohi zan legez,
gizakiak norberaren unkigarrizko ezizenatzat ezagun ziran eta gure Antton
laster "Antton Atorra" izendatu —edo ezizendatu— eben. Laster ere ibilten ikasi
eban eta amak, aitaren frakak harentzat konpondu arren, danentzat eta betirako
"Antton Atorra" izango zan.
Sei urte bete ebazanean, hamasei
urteko mutikotzat hartzen eben, horregaitik oso mutil on, lasai, gozo eta
atsegina izan arren, lehenengoz ezagutzean, hain haundi ikusiz, mutiko guztiek
bildurrez beregandik alde egiten eben. Honek Antton asko murrizten eban, baina
bere ontasuna ezagutu orduko, adiskidetasuna
sortzen zan. Mutiko bati pelotea zuhaitz baten gainean jausi? Han egoan
" Antton Atorra " harrapatzeko. Biren arteko borroka bazan, "Antton Atorra"
erdi-erdian bakea azaltzeko, edozein atso edo agure laguntzarik beharrik,
haraxe joian atseginez, laguntzeko prest. Gauza baten bakarrik ez zan ona gure
mutila: ikasteko orduan.
Aitak, hain indartsu ikustean,
harrijasotzaile izatea proposatu eutson, baina gure Antton Atorrari hori ez jakon
atsegin izaten eta honela esan eutson aitari:
— Asko maite zaitut, aita, eta
zuk diozuna izatea gustatuko litzakit, baina jende pilo baten aurrean nere
gorputz tantai hau erakusteak lotsa-gorria emoten deust. Badakizu, aita, jendea
oso minzorrotza dala, eta ni lotsatiegia.
— Lasaitu zaitez, seme —erantzun
eutson aitak— zu oso seme ona zara, eta gura ez dozuna egitera ez zaitut
behartuko, baina badakizu ere zure bizibeharrak gureak baino askoz garestiagoak
dirala, eta gure etxean diru nahikorik sartzen ez dala.
— Bai, badakit hori, aita, eta
laguntzeko prest nago, badaukat lantxo bat mandatugile moduan. Atzo Marinel arraindegian etxerik etxe eta
baserriz batserri arrainak banatzeko iragarkia ikusi neban eta gaur,
ikastolarako bidean, zabalik egoala ikustean, hara joan eta aurkeztu naz. Nirea
da lanpostua, aita, eta apala izan arren, etxean laguntza izango da, eta
niretzat aproposa eta atsegina, bihar hasiko naz.
Anttonen aita apur bat larritu
zan, halako seme-itxura ikusgarria eta harrotzeko egiten jakon, baina bere
asmoa semearen gustokoa ez zan, eta kitto!
Hara joan zan hurrengo egunean
poz-pozik Marinel arraindegira bere ogibide barrian hasteko. Denda herritxo
kaia aurrean egoan. Herritik erosketak banatzea ez zan ezer nekagarria,
baserririk baserri oinez joatea, ostera, nekagarriagoa zan, baina halan eta
guztiz bere "Antton Atorra" oso pozik joian.
— Horretarako —esaten eban—
Jaungoikoak honelako gorputza eta indarra emon deustaz.
Atseginez egiten eban bere lana,
jendeak be gozotasunez onartzen eban, baina haundia baizen ona izateagaitik,
laster arazoak sortuko jakozan.
Egun hareitatik, herritxo
hartara ijito-talde bat heldu zan, danak senide ziran eta euren artean ume
piloa egoan. Euren oihalpeak alderrietan eraiki eben eta noizean behin diru
truke, egurrez egindako kutxa, adar haundiko ahuntza eta pandero edo atabaltxo
bat hartu eta herritik zehar abiatzen ziran jotzen eta abesten, itzul-inguruka.
"Antton Atorra"
herritik mandatuak banatzen egoanean, inoiz entzundako zarata entzun eban eta harantz
abiatu zan, jazotzen egoana jakin guraz. Ahuntzaren itzuliak ikustean harrituta
geratu zan. Ha zan ikusgarria! Animalia kutxa gainean igota eta ijito batek
agindutakoak egiten. Ikusgarria benetan!
Ijitoaren harridura bere ez zan
makala. Haren umeak, euren ondoan halako ume erraldoia ikustean, negarrez hasi
ziran eta gure mutila, goibel, handik joan zan.
Gau hartan, nahiz eta ilun egon,
lotara joan zanean ikusitakoa ezin eban burutik kendu. Abere-hezilari izatea
guztiz atsegina egiten jakon. Zein abere-hezilaria izango litzake berari komeni
jakona? Eta zelan esan gurasoei hori izan gura ebala?
Beste aldetik, oihalpeko ijitoek
gure mutila nor eta zelakoa zan ondo jakin ebenean, euren egoera larriagaz
amaitzeko urtenbide bat ikusi eben.
— Halako mutil erraldoiagaz
tripa-zorriak amaituko egingo dira betirako—pentsatu eben eta euren egitasmoa
asmatzen hasi ziran, eurekaz joateko ongarriaz, mutilari buruan sartzeko.
Biharamonean, eta arrazoi
ezbardinakaitik, bata eta besteak ikus-galeak egozan. Herritxo erdian topatu
ziranean "Antton Atorra" lotsaz eta ijitoek maltzurrez alkar
irribarretsu ziran, umeak bildur barik eskutik lotuta, euren oihalpera eroan
eben eta han, abere-heziketa erakutsiko eutsoela esanez eta beste iruzur
batzuen bidez, loarazoteko belar ura emon eta arin beragaz herritik alde egin
eben.
Mutila itzartu zanerako bere
herritik urrun egozan eta konturatu zanean, burugabea zala pentsatzen
damuturik, negar zotinka hasi zan. Ahul ahul egoan eta burua erdi lelotuta,
sutuntzen ahalegindu zan eta ezin, dana alperrik. Gizon sendo itxurea izan
arren, mutikoa baino ez zan eta horregaitik negarrari ezin eutson itzi.
Ijitoek, bitartean, iragarki
haundi bat egin eben inguru hartako jendeari "Ume Erraldoia" ikustera
deitzeko. Ume txikiaren giza jantzirik, kaiola baten sartuta eta herriz herri
erakusten eben izugarrizko ume negarti ha, noizean behin ahul jarraitzeko ohiko
pozoina emonaz.
Kaia aurreko herritxoan guraso,
senide eta herrikide guztiak Antton Atorraren desagertzeaz oso kezkaturik ebiltzan.
Ijitoak herritik joan ziranetik inork ez eban mutikoa ikusi, ba ete eukan hark
zerikusirik? Gurasoak bihotza autsita ebiltzan, aurkitu guraz.
Euren saioak amaitu eta gero,
ijitoak kaiola antzeko gurdi batean kateaz loturik itziten eben Antton, baina
taldeko ijitotxoek hain indarge ikustean beragana joaten ziran, jateko zeozer
emoten eta solasalditxoren bat egiteko. Astiro astiro euren artean
adiskidetasuna sortzen joian eta egun batean, ahuldurik egoan legez, umeak
nagusiari kateak kentzeko eskatu eutsen. Honek lo-belarren eraginpean egoala
ikustean askatu eban eta gure mutilak, goibel egon arren, negarrari itzi
eutson.
Urrengo egunean, udako
arratsalde sargoria izan zanez, gurdiakaz
ibaiertzera igarotzean bustialdi bat egiteko gogoa etorri jaken. Pentsatu eta egin.
— Zein
ondo, zein ondo! —oihukatu eben pozaren pozez ijitotxoek, jantziak kendu
artean. Haietariko bat Antton izerditsu egoan gurdiari begira arduradunari
eskatu eutson.
— Mesedez, jauna, emongo
deustazu baimenik Antton gugaz busti ahal izateko? Sargori da eta freskotzen ez
bada, gaixotuko da.
Baietza hartu ostean, biok
batera uretara abiatu ziranean, oihu larriak entzun ebezan, ijitotxoren bat
putzu sakon baten murgildurik estura gorrian egoan eta beste ijitotxoek igeri
egiten jakin ez. Ernegatuta, oihu egiten baino ez ekien. Nekez eta zailtasunez,
gure mutila uretan sartu eta, umetxoa harrapatu ostean, legorretara eroan eban
ijitotxoa. Salbatuta egoan, baina bere salbatzaileak hain makal egoanez,
konortea galdurik lur-jo eban.
Ordu luzeak emon ebezan biok
suspertzeko. Halan eta guztiz ere, "Antton Atorra" hainbeste
nekealdiren eraginaz gaixotasun ezezagunean jausi zan.
Ijito-taldearen arduraduna,
"patriarka" eritxoena, kezkatzen hasi zan, uretan itotzeko arriskuan
egon zana bere bilobea zan, eta orain Anttonegaz zorretan egoan. Zorrak
eurentzat betiko ziran, sakratuak, eta horregaitik aurrerantzean "Antton Atorra"
zaintzeko eta osatzeko ahal eben guztia egingo eben.
Konortera barriro etorri zanean,
patriarkak parkamena eskatuz, laster gurasoengana eroango ebela zin-egin
eutson, eta etxerantzako bidaian zehar pizti-hezilari izaten erakutsiko eutsola
eskeini eutson, baina berak ezetz esan zion.
— Eskerrik asko, hori gura
izateak neke ta arazo ugari ekarri deustaz, “Bizkor” nire txakurraren menpekotasunaz
nahiko daukat.
Hori esanda, eta barriro
gurasoen baserrira joango zala jakitean, jausi-aldi larritik urten eban.
Herritxora heldu ziranerako,
guztiz indarberriturik egoan. Ijitoek herritarren aurrean aitortu eta damutu
ziran. Alkateak jai egun dubako bat egitera zigortu ebazan eta eurek poz-pozik
antolatu eben, gordeta eukezan jantzirik ederrenakaz, Antton Atorraren omenez
ekiezan ekintza guztiak antzezteko saioa.
— Aita —esan eutson Anttonek
aitari— nire lanean jardun bitartean, harrijasotzaile egingo naz. Duintasunez
agertuz gero, lotsatzeko zergaitirik ez dagoala ondo ikasi dot eta.
Alkar besarkaturik, amagaz
herriko jairik ospetsuenera abiatu ziran, eta handik urte batzuetara Antton,
"Antton Atorra", harrijasotzaile ospetsua izango zan.