Txatxalak irakatsia
USKERAZALEAK ALKARTEAK SARITUA 2000.urtean -- bigarren saria
Batzuk beharbada txantxetan nabilela pentsatuko dabe, baina ez da
horrela, ezta pentsatu ere. Egia esan, hunkimenez bete nauan jazoera izan da.
Gaur egun berri harrigarriak
ikusi eta irakurtzen doguz komunikabideetan: «Hilik aurkitu dabe solairu batean
bere amak itxitako haurtxoa» edo «Bere jaiobarria hito dauan emakumea atxilotu
dabe». Berri ikaragarriak benetan. Zorionez, horrelako ankerkeriak ez dira
ugari izaten, gutxi batzuk gehiegi badira ere.
Horregaitik, agian, orain egun
batzuk ikusi neban jazoerari erakusmeneko gauza zala iritzi neutson.
Batzuentzat garrantzi gabeko gauza izan daiteke, baina niretzat ikusgarria eta
hunkigarria izan zan. Jakina, orain dala bi urtera arte kaletarra izana naz eta
horrek badau zerikusirik nire jokaeragaz. Orain, ostera, mendira etorria naz
betirako, ardiz eta txakurrez inguraturik egunero, eta batzutan abereengan
gizakiengan baino jokaera samurragoa ikusi daroat.
Egun batean, baratzean
nenbilela, nire atzetik larratzen ibilitako behi bat erditzen ikusi neban. Ni
lako hasi berriarentzat ikaragarria zan ha, baina erditu orduko eta maitekiro,
behiak bere kumea zelan mihazkatzen eban ikusteak zirrara sartu eustan.
Handik egun batzutara lauzpabost
ziran erditutako behiak eta inguruko landak adardunak eta euren kumeakaz alaitu
ziran. Arratsalde batean, solotik etxerainoko bidean, lauoinka baten zaratea
entzun neban; nire aurretik, kataplanka itzelean eta murruka, txahala bat
etorren. Izuturik, alboratu egin nintzan eta, ha nire ondotik igaro ostean,
atzera begiratu eta haren ama ikusi neban kumearen gisara etorren. Une batez
telebistan agertutako iragarkiaren irudia etorri jatan burura: ama eta
alabatxoa bata bestearenganantz korrika, eta alkartzean, laztan eta mosuen
ordez, yogur baten bila hasten ziran. Baina han ez, behi-kumea bere amaren
titia harrapatu eban eta behia hantxe bertan geldi-geldi geratu zan.
Denboraldi ederra izan da orain
arteko hau; behiak eta zaldiak landetan euren kumeez inguraturik ikustea oso
atsegina da. Egun batean, handik jolasten ebilan txakur bat, txahala
batenganantz hurbildu zan eta berehala haren ama zutunik jarri eta, kumea
minduko ebalako ustean, adarkada batez txakurra harako muturrera bialdu eban,
albaitariarengana eria josten eroan behar eta guzti.
Baina egia esan, benetan bihotzondokoa
emon eustana orain aste batzuk gertatua izan zan. Gaueko lo-zorroan nengoanean,
marru ozen batzuk entzun nebazan, eta auzokoak barriro behiren bat kalean itxi
ebala pentsatu neban. Gauero jabeak behi guztiak batu eta, ogi-zorro batzuk
emon eta gero, kortara eroaten dauz gaua han emon daien. Azken egunetan,
ostera, txahala galdurik, haren ama, bila ibiltearren, ogi eta aterpe barik
geratzen zan. Hala ere, inoiz ez zan haren moduko marrumarik entzun izan,
gainera bazter guztietatik, etxe aurretik zein atzetik, marruka eta marruka gau
osoan.
Hurrengo goiz erdian, eta erdi
lo, ogitan ninoiala, auzokoa ikustean behi abeslariaz itandu neutson, eta berak
«Parkatu...» esan eustan «... baina ez da izan zuk pentsatu dozuna. Benetan
sentitzen dot, baina lau-bost egunetan bardin gertatuko da. Ez da bat bakarra
izan, atzo kume guztiak saldu genduzan eta euren amak bila eta bila dabilz,
deika gau eta egun».
Nahiz eta haren osteko gauak
zaratatsuak izango zirala jakin, hitzik gabe geratu nintzan eta egun hareetan
behiak behatzen egon nintzan. Handik hona eta hemendik hara korrika ikustea
lazgarria zan. Baten bat nora, besteak hara, korrika eta murruka haren atzetik,
euren kumeak aurkitu ebazalakoan, eta jatordua zanean, ha zan zalaparta!
Ez da guzurra oso minbera
nazala, egia da hori, baina hainbat emakumek ez dabe erakusten horrelako
amatasun bihotzekorik. Beharbada behiak txatxal hutsak dira, ez dakit nik; uda
honetan, ostera, pentsatu izan dot eurengandik badaukagula zer ikasirik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario